XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

1998, Espirituaren urtea

GAUR Jaunaren Bataioko jaia ospatzen dugu.

Espiritu Santua jaitsi zitzaion gainera uso idurian esaten digu ebanjelariak.

Jesusentzat garai berria estrainatzen da une hartan, Espirituaren garaia.

Nazareteko gordealdia amaitu eta ageriko ekintzari lotuko zaio, Jainkoarengandik dakarren erreinua gizartean txertatzeko.

Jordango Bataioan etorri zaion Espirituaren eskuetan geratzen da Jesus, eta Espirituak eraginik egingo ditu eginkizun guztiak.

Nolabait esateko, esango genuke harreman berriak bizitzeko sua piztu zaiola barnean.

Une honetatik aurrera, Jainkoaren nahia izango du eragile eta gizakien askatasuna helburu.

Espirituaren ekintza hasi da.

Fededunaren bizibidea ere, berez, Espiritualak sortutako moldekoa da.

Espirituaren babesean ez balitz, gure jarduerak apenas zentzurik izango lukeen.

Hori dena adierazten du gure Bataioak.

Bataioa Espirituaren uretan burutu baitzen.

Eta bataiaturik Espirituaren uretan ernetzen da fedezko harremana.

Horrela izan behar luke; baina, zoritxarrez gehienetan beste era batera dela uste dut.

Norbaitek deitu zion Espirituari ezezagun ospetsua, eta ez zitzaion arrazoirik falta. Ez horixe!

Batzuek esaten dute gaur jendea espirituzkoetara itzultzen ari dela.

Alegia, jendea aspertuxea dagoela hainbeste gauza eta tresna eta erabilgarrirekin, eta bestelakoak bilatzen dituela, barrukoak, espirituzkoak, erabilgarri hutsak ez direnak.

Eta hori entzutean badira pozten direnak, pentsatuz berriro ere kristau jarrerak lehengora datozela.

Baina kontuan eduki behar da, espirituzko deitzen den guztia ez dela Espirituarena.

Eta nahasketa handia dagoela kontu honetan.

Espirituak gauza on asko eragiten du, baina ezin daiteke dena Espirituarekin nahastu.

Badira zoko bakarti batera joan, lasaitze-ariketa geldiak egin, giro baketsu eta gozo batean murgildu, eta horri Espiritua deitzen diotenak.

Badira eguneroko buila eta ezinei ihes egin, laneko arazoak alde batera ahaztu, familiako gorabeherak beste baterako utzi, eta mendigoi bateko baserri-zokoan bakardadean sekulako egaldia burutzen dutenak; dena da bakezko, dena patxadazko, dena isiltasun... eta horri Espiritua deitzen diote.

Badira eguneroko errezo batzuk egin, portaera jakin bat burutu eta, besterik gabe, hori Espirituarekin parekatzen dutenak.

Horrelakoek, denok ere bai baina, ikasi beharko lukete Espiritua eta isiltasuna ez dela gauza bera; Espiritua eta baretasuna ez dela gauza bera; Espiritua ez dela errealitatetik kanpo ari bereziki bere lanean.

Espirituak zerikusi estua daukala eguneroko errealitate txiki eta minduarekin.

Espirituak eguneroko bizitza sakon bizitzeko arnasa ematen duela.

Espirituak barrua berritzea gehiago eskatzen duela, errealitateari ihes egitea baino.

Espirituak gauza begiratu eta gertaerak irakurtzeko bestelako begirada ematen duela.

Espirituak mundua eta munduko gauzak aldatu eta berritzera eramaten duela.

Hori ikasteko aukera ederra datorkigu, hasi berria dugun urte honetan.

Izan ere, 2.000 urterako bidean, joan zen urtean Jesukristorena izan zen bezala, aurten Espirituaren urtea ospatuko baitugu.

Ezezagun ospetsu hori ezagunago bihurtzeko abagune bikaina daukakegu.

Ez dut inolako zalantzank egiten, gaur egungo garaiak aproposak direla Espirituaren eraginetara itzultzeko, baina horrek gauzak garbi ikustea eskatzen du.

Tresnakeriak morroitzen gaituen garai honetan, zein egoki letorkigukeen Espirituaren eragin askatzailera itzultzea.

Baina ez tresnei ihes eginez, tresnakerian ez eroriz baino.

Espirituaren uretara itzultzea daukagu.

Geure Bataioan begiratzea.

Han gertatu zenari jokatzen uzten badiogu, Espirituaren eraginpean aurkituko gara.

Ea benetan 1998 urtea, Espirituaren urte gertatzen zaigun!